XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bere egoera ekonomikoa gehiengoarena bezalakoa zen.

1833ko gerra hasi zenean, gehiengoarekin batera jokatuko zuen karlisten alde.

Lehen Karlistadaren garaian (1833-1839), gerraren eragina berriro nabaritu zen Gipuzkoan.

Andoainentzat 1837 urte erabakikorra izan zen.

Ordurarte herriak ondorio kaltegarriak jasan bazituen (1835eko bonbardaketa, soldaduen egonaldi eta iragaketak, jazarpen politikoak, biztanleen kanporaldaketak), aipaturiko urtetik aurrera egoera askoz larriagotu zen.

Gerraren bilakera zela eta, Andoain gune garrantzitsu eta estrategiko bihurtu zen gatazka amaitu arte.

Izan ere, 1837an Don Karlosen aldekoek beren frontea herrian eratzea erabaki zuten.

Horregatik, otsailaren 8tik martxoaren 14era arte karlisten Koartel Nagusia bertan izan zen.

Liberalak ere Andoain menderatzen saiatu zirenez gero, urte bereko irailean oso guda odoltsua gertatu zen herriko inguruetan, karlistak garaile suertatuz.

Bai karlismoak bai bere alde jokatu zuten Euskal Herriko udalerriek bi arazo handiri egin behar izan zioten aurre, hots, nola bildu behar ainako soldadu eta nola elikatu.

Problema horiek konpongaitzak eta zamatsuak ziren.

Horrelako gastuak finantziatzeko udalak zorpetu ziren.

Andoain ez zen salbuespena izan.

Gatazkak ekarri zituen gastu eta ahalegin ekonomikoak hain jasanezinak izan ziren ezen Andoaingo Udala zorrez beterik geratu baitzen.

Lehen Karlistada bukatutakoan, kontuak ateratzeko ordua heldu zen.

Egia esan, gerra ondoko egoera ez zen pozteko modukoa.

Bazegoen ezkorra izateko arrazoirik.

Gerraren ondorioak negargarriak ziren: giza-galerak, erre eta suntsitutako etxeak (1837an liberalek 62 baserri inguru hondatu bide zuten) (9)Ik. OTAEGI, La Primera Guerra Carlista..., 130. or., arboladirik gabe geratu ziren mendiak, gerraren zehar hartutako zorrak, etab.

Etorkizunak ez zirudien batere erraza.

Hala ere, bizitzak jarraitu behar zuen.

2. ANDOAINGO BILAKAERA DEMOGRAFIKOA (1822-1845).

2.1. Erabilitako lan-metodoa.

Azken finean, herioa da gure ikerlanaren helburua.

Historiaren ikuspuntutik heriotza aztertuko badugu, honako galdera honi erantzun beharko zaio: zenbatzu hil ziren Andoainen aukeratutako epealdian?

Baina galdera horrek beste batzuk sortzen ditu.

Izan ere, hildako andoaindarren kopuru hutsa azaltzen badugu, argibide hori balio gutxikoa izango da berez.

Beste datu batzuekin alderatuz, ordea, bere balioa areagotuko da.

Horrexegatik, ezinbestekotzat jotzen dugu ondoko argibide osagarriak azaltzea: epealdian izan ziren jaiotzak eta Andoaingo biztanleri osoaren bilakaera, alegia.

Azken datu horiek ere kontutan hartuko ditugu, heriotza eta hilkortasuna hobeto ulertzen lagun diezaguketen heinean.